76. oharra, 2001ko azaroak 1
SUPERPOTENTZIA?
Estatu Batuak maldan behera doan potentzia dira. Ikuspuntu hau azaltzen ari naiz gutxienez 1980tik(1). Baieztapen horrek analitikoa izan nahi duen arren, ez arauemalea, baieztatu dut sinestezintasuna ez ezik haserrea ere eragiten duela, eta erantzun hori arlo politikoaren famili guztietan ematen da, eta planetaren bazter guztietan. Jende eskuindarrak gezurtzat hartzen du, edo egoki jotzen dute esandakoa superpotentzia bere indar guztiaz baliatzeko gauza izan ez delakoan. Gainera, badirudi sumatzen dutela azterketa horrekin jarrera ezkorra (galtzailea) sustatzen ari naizela, iragarpenak berak igararritakoa betetzearen alde egingo bailuen. Jende honek sinismen arraroa du hitzaren gaitasunean, edo gutxienez nire hitzetan.
Ezkerreko jendeak gehienetan ez du sinisten, Estatu Batuak mundu mailako potentzia dela eta mundu osoan era okerrenean gailentzen dela esaten didate. Horrela ba, nola esan dezaket maldan behera doala?, ez ote naiz ari jendea ekimen eraginkorretik desbideratzen?. Azkenik, badirudi zentroko jendea erasotua sentitzen dela boterea zuzentzen dutenen iharduera azkar eta egoki batek Estatu Batuen ekintza mesedegarrian somatutako edozein hutsune zuzentzeko gauza ez dela pentsatze hutsarekin.
Zer esan nahi du potentzia hegemonikoa izatea?. Joku geopolitikoaren arauak zehazteko aukera esan nahi du, eta presio politiko hutsarekin ia egoera guztien irtenbidea topatzea indar errealaren erabileraz baliatu behar izan gabe. Hemen ez dut aztertuko zein den potentzia batek hegemonia eskuratzeko bidea eta zergaitik, azkenean, hegemonia galdu egiten den(2). Oraingo gaia da frogak ditudala esateko hegemonia estatubatuarra desegiten ari dela.
Noski, ez dut ukatzen oraindik Estatu Batuak direnik munduko potentzia militar handiena, eta alde nabarmenarekin gainera. Eta ez hori bakarrik, ziurrenera hala izaten jarraituko du gutxienez beste hogeitabost urtez. Baina dagoeneko, Estatu Batuek euren kabuz joko geopolitikoaren arauak erabaki ditzaketena ez da egia, ezta presio politiko hutsaren bidez bere irizpideak inposatu ditzakena ere, ezta kasu gehienetan ere. Bin Ladenen aurkako egungo borroka ez da lehenengoa, errealitate berri honen azken adibidea baizik.
Eta errealitate berria diot, izan zelako aro bat, ez duela aso, non Estatu Batuak benetan hegemonikoak ziren, superpotentzia bakarra zenekoa alegia. Hala izan zen gutxigorabehera 1945 eta 1970 bitartean. Guda Hotza eta Sobiet Batasunaz gaindi (edo beharbada biei esker) Estatu Batuek nahi zutena lor zezaketen, nahi zuen lekuan eta nahi zuenean. Nazio Batuak menperatzen zituzten. Sobiet Batasunari itxita eusten zioten 1945n Ejerzito Gorriak lortutako lurren barruan. CIA erabiltzen zuten adiskideak iruditzen ez zitzaizkien gobernuak bota edo eraldatzeko (Iran 1953, Guatemala 1954, Libano 1956, Errepublika Dominikarra 1965, etc, etc). Behin eta berriro Europa mendebaldeko aliatuei bere asmoak inposatzen zizkieten zenbait operazio militarretan atzera egitera behartuz (Suez 1956) edo deskolonizazioaren erritmoa azkartzeko presionatuz Estatu Batuek uste zutelako hau zela ildo seguruena.
Aro honetan estatubatuarrek "euren mundu mailako erantzukizunak" bere gain hartzen ikasu zuten. Gero gauzak aldatzen hasi ziren.Estatu Batuek Europa eta Japoniaren aurrean zuten abantaila ekonomikoa desagertu zen. Herrialde hauek etsai ekonomikoak bihurtu ziren, aliatu politikoak izaten jarraitzen bazuten ere. Estatu Batuak gudak galtzen hasi ziren. Vietnemgo guda galdu zuen 1973an. Jomeinik iraindu zituen Iranen 1980an. Reagan lehendakariak Libanotik marineak etxeratu zituen 1982an horietako 200 ekintza terrorista batean hilda suertatu ondoren (eta hau guztia bi egun lehenago horrelakorik inoiz ez zuela egingo esan eta gero). Golkoko guda enpatearekin bukatu zuen, tropak abiatutako lerroetara itzuli zirelarik. Estatu Batuetan batzuk jarraitzen dute esaten hori gertatu zela estatubatuarrek Bagdad-era iristeko barrabilik izan ez zutelako (edo ez egitearen hankasartzea izan zuten). Baina Bush aita lehendakariaren erabakiak islatzen zuen halako bide batek denborarekin Estatu Batuak amildegira eramango zituela, itxuraz oinarri sendoko irizpide zuhurra dirudiena. Eta Jimmy Carter 1978an Ejipto eta Israeli Camp Davideko Hitzarmena inposatzeko gauza izan zen bitartean, Bill Clintonek ezin izan zuen gauza bera egin Israel eta Palestinarekin 2000n nahiz eta gogotik saiatu.
Hatzak klaskatze hutsarekin Estatu Batuek nahi zuten guztia lortu zuten azken aldia 1973ko irailaren 11 izan zen, Pinochet agintean jarri zuen Estatu kolpea antolatu zutenean. 2001ko irailaren 11n Bin Laden izan zen hatzak klaskatu zituena, eta Gobernu zein hiritar estatubatuarrak oraindik ez dute buru jaso. Hala ere, Bin Ladenek ez du ejerzito handirik, ez armadarik, ezta aire indarrik. Bere baliabide teknologikoak aski primitiboak dira. Ez du dirurik estatubatuar Gobernuaren baliabideei aurre egiteko. Hortaz, norgehiagoka enpatean bukatuta ere irabazi egingo luke.
Estatu Batuek hogeita hamar urte behar izan zituzten potentzia hegemonikoaren "euren erantzukinak" bere gain hartzen ikasteko. Hurrengo hogeita hamar urteak iragandako urrezko garaien oroiminez eta ahal zuen botere guztiari eusteko lanetan ibili zen. Agian, hurrengo hogeita hamar urteak eman beharko ditu ikasteko herri aberats bat izaten desberdintasunez jositako mundu batean, non dagoeneko ez duen berak bakarrik egoera kontrolatuko. Mundu honek gainontzeko munduarekin hitzarmenak egiten ikasi beharko du (ez Afganistanekin bakarrik, ezta Txinarekin eta Rusiarein bakarrik ere, Kanadarekin ere, mendebaldeko Europarekin eta Japonekin ere bai).
Gure mundu-egitura modernotik beste zeozer desberdin baterako transizioa ezaugarriatzen ari den katramilatutako munduaren anarkian guztioi axola zaigu, eta asko, nola garatzen duten euren papera Estatu Batuek, haren Gobernuak, haren hiritarrek, haren entrepresa handiek... Denoi eta leku guztietan interesatzen zaigu haiek eta gainontzeko guztiak gaur egun murgilduta aurkitzen garen krisialdi mundialaren aurrean Estatu Batuengandik erantzun itxaropengarria, azkarra eta eraikitzailea lortzea. Estatu Batuak munduko potentzia handiena eta indartsuena izaten jarraitzen dutelako, eta oraindik tradizio eta asmo baliotsuak dituelako, zeinak jende askorentzat (ez iparamenikarrak bakarrik) egun bizi dugun munduari ekarpen baikorra egin dioten.
Pilota Estatu Batuen teilatuan dago. Iparamenikarrentzat errazegia litzateke amorratzea Dorre Bikietan suntsitutako giza biziengatik eta horren ondorioengatik. Dagoeneko amorru bizi gehiagi dago munduan (nahiz eta amorru askok, alde batekoak zein bestekoak, bere arrazoiak izan). Gutxieneko bortxakeriarekin I. Munduak hurrengo 25-50 urteak gaindituko dituen inongo bermerik ez dago. Baina gaur egun aurkitzen garen zulo sakonetik zerk atera gintzaken aztertzen saia gaitezke.
1. Uste dut "Friends as Foes," Foreign Policy, 40 zenbakia, 1980ko udazkena, 119-131n esan nuela lehenengo aldiz.
2. "The Three Instances of Hegemony in the History of the Capitalist World-Economy," reimpreso en The Politics of the World-Economy, Cambridge: Cambridge Univ. Press, 1984, 37-46an aztertu nuen lehenengo aldiz gai hau.
Immanuel Wallerstein (2001ko azaroak 1)
© Immanuel Wallerstein 1998, 1999, 2000, 2001.
Copyrigth-ren jabegoa, Immanuel Wallerstein. Kopia eskubide guztiak bere eginda. Iruzkinak disko gogorrean kopiatu daitezke, euskarri elektronikoen bidez hedatu edo posta elektronikoaren bidez igorri, baina ezin daitezke inongo euskarri inprimatutan zabaldu copyright eskubideen jabe den pertsonaren baimenik gabe (iwaller@binghamton.edu)
.